|
- Hator jatera ene zakur ona... Eta otoi, garbi ezak platera, horrela
frantsesek gutxiago izango dute eta...
- Ah bai, frantsesek... Aspalditik jakin nahian nabilek zer adierazi nahi
dukan hire betiko lelo horrekin : “hala frantsesek gutxiago izango ditek”. Eta
gehiago izango balute zer ? Argi iezadak, ez baitut ulertzen. Terrats herria ez
al dago ba Frantzian, ez al gaituk, hi eta ni, gizon eta zakur frantsesak ?
Herriko beste zakurrak gogotsu zaunka egiten ditek frantsesez eta gutako
gutxiri katalanez hitz egiten zigutek etxean. Jakin ezak ni batzuetan gaizki
ikusia naizela hiri plazer egiteagatik katalan erara zaunka egiten saiatzen
naizenean... Benetan diosat, eseri eta
gai horretaz patxadaz mintzatu beharko genikek biok.
- Ongi duk, eser gaitezen ba eta hitz egin dezagun gai horretaz. Frantzia
eta frantziarrei buruz jardun nahi duk ? Ados, baina goazen harira, zeren hain
duk zabala gaia, non gau osoak igaro baikenitzakeen. Zer jakin nahi duk ?
Dena, nik uste.
Frantzia zer den, non hasten den, non bukatzen den eta zergatik frantsesa
izatea hain gutxi maite dukan.
|
|
1963an sortu zen Joan-Lluis Lluis Perpinya-n eta 1993an argitaratu zuen bere lehen eleberria, Els ulls de sorra (Hondarrezko begiak),
Algeriako gerlan girotua. Geroztik, Ipar Kataluniako katalanezko
literatur birsorkuntzaren adierazlea da. Haren eleberriak Bartzelonan
publikatuak dira eta arrakasta handia lortu dute, sari literarioak
irabazi ere.. Lluis Hego Kataluniako prentsan kronikari da gaur egun,
eta katalan hizkuntzaren alde hartu dituen jarrera publiko eta
engaiamenduengatik ere egin da ezagun. 2002an katalanez publikatu zuen Conversa amb el meu gos sobre França i els francesos urte hartako liburu salduenetarikoa izan zen, baita eztabaida iturri ere, hala Perpinya-n nola Bartzelonan.
|